sábado, 27 de agosto de 2011

Nire txakurra


Behin eskatu zidaten logo bat diseinatzea, txakur-denda berri baterako. Ni ez naiz profesionala, baina logo bat egin nezakeen; beharbada ez munduko logorik onena, politena edo eraginkorrena, baina saiatu nahi nuen. Marrazteari ekin nion, eta arkatzezko marrazkitxoen artean, aprobetxa zitekeen zerbait atera zen.

Hau da marraztu nituenetako bat... zirriborro bat, besterik ez:

Azken marrazki hori, behekoa, izan zitekeen. Beraz, zirriboro hori ondo definitu nuen, "estilizatu" pixka bat, eta ordenagailuko bertsio bat egin nuen, bi dimentsiokoa:

Gustatzen zitzaidan. Ez dakit logo bezala konplexuegia ote den, baina estetikoki ondo zegoen. Eman nien dendakoei, nahi zutena egiteko. Azkenean, ez dute erabili. Beste aukera hobe bat aurkitu zuten. Berdin du.

Urte pare bat egon da logoa ordenagailuaren barrunbeetan. Eta orain berreskuratu dut hiru dimentsiotako ariketa txiki bat egiteko.

Gogoratu naiz gure herriko kontu bitxi batekin. Herriaren sarreran, badago etxe polit bat jardina eta guzti. Eta jardinerako sarrerako atarian, txakur bat. Ustez, zaindaria. Baina txakur horrek, kalerantz begira egon ordez, etxeko jardina aldera begira egoten zen eserita, esfinge bat balitz bezala. Beti. Ez zen kasualitatea izango! Zaindari xelebre xamarra, zalantzarik gabe. Zein ari zen babesten zeinengandik? Nik uste dut etxekoak babestu ordez, guk, kanpokoak, babesten gintuela etxe barrukoei begira. Zelatan.

Ez dakit zer gertatzen zen etxekoak irtetzen zirenean. Pena. Ez nuen une hori harrapatu. Txakurrak koska egingo zien, ezta?

Eta txakur hori dagoeneko ez dago etxeko atarian. Ez hori ezta beste bat ere. Ez dakit. Nire artean, txakur ausart eta bizkor hura bataiatu nuen: Hezur. Ironiko samarra da txakur batek Hezur izena izatea, ezta? Nik uste dut izen aproposena dela etxeko zelatari batentzat.

Ideia hori berreskuratuta egin nuen logoaren 3d-ko bertsioa... logoa hezur-texturarekin. Zergatik ez?




No hay comentarios:

Publicar un comentario