martes, 27 de septiembre de 2011

DosKaballos




Historia polita dauka kotxe horrek. Irauli ezin den kotxea da (bueno... atzeraka azkar zoazela bolantekada bat emanda, dirudienez lor daiteke), horrela diseinatu zutelako. Bigarren Mundu Gerra granja batean ezkutatu egin zituzten prototipo batzuk eta besteak suntsitu zituzten, alemaniarren eskuetatik babesteko (DosKaballos-aren lehengusua, Volkswagenen Kakalardoa gerran erabili zuten bitartean).

Artikulu bat idatzi nuen Elhuyar aldizkarian kotxe harrigarri honen historiari buruz. Eta ilustrazio hauek egin nituen artikulu horretarako. Egunen batean hartuko dut DosKaballos baten argazkia eta saiatuko naiz 3D modelo zehatz samarra egiten. Oraingoz, zirriborro honekin nahikoa dut.

Nire lagun batek bazuen DosKaballos bat. Oso pozik zegoen kotxearekin; ez zion arazo teknikorik ematen (besteak beste, ez du urik erabiltzen motorra hozteko, eta beraz ez du matxurarik izaten ura galdu duelako). Aldapan gora motela zen, baina bazihoan pixkanaka.

Arazo pare bat izan zituen. Bata, atearen zerraila ez zela oso sendoa. Baina hori ez zen benetako arazo bat, neguko gauetan homeless bat sartzen zitzaiolako kotxe barruan lotara, eta nire laguna pozik zegoen utilidade berriarekin. Beste arazoa goitik zetorren; sabaia telazkoa zuen, eta halako batean zulatu zitzaion. Itukina sortu zitzaion, justo kontaktu-giltzaren gainean. Itukinaren urak izorratu zion arrankea, eta, beraz, nire lagunak puentea egin behar izaten zion kotxearimartxan jartzeko. Baina hori ere ez zen arazo handia.

Denborarekin, beste kotxe bat erosi zuen eta erabaki zuen lehenago edo geroago finikitatu beharko zuela DosKaballosa... eta horretarako abentura bat bururatu zitzaion. Europa osoa zeharkatu eta Moskura joan nahi zuen DosKaballosaren barruan. Azken bidaia bat. Odisea bat, zalantzarik gabe. Bidaia Plaza Gorrian bukatzekoa zen. Han aparkatuko zuen DosKaballosa eta ospa. Buelta etxera trenez. Bukaera ederra kotxe eder batentzako... bueno.. bukaera edo bizitza berri bat.

Abentura hura ez zen inoiz gertatu. Nire lagunaren etxe ondoko ikastolako umeek harrika txikitu zuten kotxea. Egunak zeramazkin han gertu aparkatuta eta umeek pentsatu zuten abandonatua zegoela. Eta jolasteko tresna bihurtu zen haientzat. Enfin.


No hay comentarios:

Publicar un comentario