martes, 21 de mayo de 2013
Duela 1.400 urte
Duela 1.400 urte, jarroi hori osorik egongo zen.
Duela 1.400 urte, garbia egongo zen. Distiratsua.
Duela 1.400 urte, usain ona izango zuen.
Duela 1.400 urte, diru asko balioko zuen, sei txanpon gutxienez.
Duela 1.400 urte, oihalik fin batez estalita gordeko zuten.
Duela 1.400 urte, erregetxo bati oparitzeko modukoa izango zen.
Duela 1.400 urte, erregetxoak jakingo zuen zergatik nahi zioten oparitu jarroi bat.
Duela 1.400 urte, erregetxoak jakingo zuen zer nahiko zuen jarroiaren jabeak.
Duela 1.400 urte, jarroiaren jabeak lurrak nahiko zituen.
Duela 1.400 urte, erregetxoak ez zion inori lur eremurik eman nahi izango.
Duela 1.400 urte, erregetxoaren lurraldea gehienez egun erdi batean zeharkatuko zen oinez.
Duela 1.400 urte, hala ere, lurralde osoko jarroi politena izango zen.
Duela 1.400 urte, erregetxoak jarroiarekin amets egingo zuen.
Duela 1.400 urte, erregetxoak negar egingo zuen esnatutakoan, jarroirik gabe izango zelako.
Duela 1.400 urte, erregetxoak behartuko zuen trobadorea jarroien abesti beldurgarriak abesteko.
Duela 1.400 urte, trobadoreak abestuko zuen dragoiak jarroien barruan bizi direla.
Duela 1.400 urte, trobadoreak abestuko zuen ardoa ozpintzen dela jarroi dotoreetan.
Duela 1.400 urte, trobadoreak abestuko zuen pozoi hilgarrienak jarroi hartatik pasatuko zirela.
Duela 1.400 urte, trobadoreak abestuko zuen arbaso handiek tu egiten dutela jarroietan.
Duela 1.400 urte, trobadoreak abestuko zuen jarroiak ez daudela eginda mundu honetarako.
Duela 1.400 urte, hildakoak ez ziren erraustuko, bestela...
Duela 1.400 urte, trobadoreak gezurrak abestuko zituen.
Duela 1.400 urte, erregetxoak trobadorea hiltzea aginduko zuen.
Duela 1.400 urte, erregetxo batek eta jarroi batek elkarri begira geratuko ziren.
Duela 1.400 urte, jarroiaren jabea tronoan eseriko zen.
Duela 1.400 urte, erregetxoak jarroia besapean irtengo zen gaztelutik. Distiratsu.
Duela 1.400 urte, jarroiaren jabeak ere ez zuen jakingo lurralde txikitxoa gobernatzen.
Duela 1.400 urte, jarroiaren jabeari beste jarroi bat oparitu nahi izango zioten.
Duela 1.400 urte, gerora beti gertatu den gauza bera gertatuko zen.
Duela 1.400 urte, 1.400 urte faltako ziren ipuin historiko hau idazteko.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario