domingo, 30 de enero de 2011

Taula periodikoa zizelkatu


Elementu kimikoei buruzko artikulu baterako zen irudi hau. Elementu berri bat identifikatzen edo isolatzen edo sortzen duenak izena emateko "eskubidea" du, nolabait. Alegia, taula periodikoan sinbolo berri bat idazteko aukera izango du. Hortik izenburua... taula periodikoan izen bat zizelkatzearen kontua.

Hori ilustratu behar zen... Pixka bat kostatu zitzaidan... ulertu nuen arte onena izango zela mugarik gabeko azalera batekin jolastea. Bukaerako irudia ikusita erraza edo ebidentea dirudi ideia hori, baina ez zen. Kostatu zitzaidan.

domingo, 23 de enero de 2011

Rubik-en tentazioa


Aste honetako goiz batean, Rubik-en kubo bat azaldu zen hamaiketakoa egiten dugun tokian. Eta, klaro, munduaren zentroa bihurtu zen. Tranpa bat da. Tentazio bat. Hamar segundotan, baten batek eskuan zeukan (ez dut esango zeinek).

Ikaragarria da, irekitako patata poltsa bat bezalakoa da. Kuboa behin ikusita, ezin da mahai gainean utzi jabea azaldu zain. Deitu egiten zaitu. Erakarri egiten zaitu. Ikutu behar duzu. Kubitoei gutxienez pare bat buelta eman arte ezin duzu eskutik kendu.

sábado, 15 de enero de 2011

Ardibuelta


Animazioak egiteko modu asko dago. Hau da bat. Joko bat. Txorakeri bat, egia esan. Ordenagailuaren txoko ilun batean aurkitu dut; ez nuen gogoratzen sakoneko karpeta horietan argazki-sekuentzia hau bazegoela.

Ardi baten panpina da lurrean utzita. Kamara hartu eta 28 argazki egin nizkion inguruan buelta bat eginda. Ez nuen zaindu argazki bakoitzaren posizio aurrekoarekiko, gutxi gorabeherako proba bat nahi nuen, besterik ez. Suposatzen dut onena dela tripode bat erabiltzea argazki bakoitzaren posizioa kalkulatu ondoren. Ez nuen horrelakorik nahi. Gainera, 28 argazki egin nituen, eta hori oso gutxi da animazio leun bat lortzeko. (Momentuan 28 zenbaki handia iruditu zitzaidan, baina bideoa ikusi besterik ez dago ulertzeko ezetz).

lunes, 10 de enero de 2011

Las Meninas, barrutik


Velazquez harrigarria da. Ez da historia edo arteko liburuen kontua bakarrik. Merezi du haren koadroak lasai begiratzea eta aztertzea. Ikusi duzue Felipe IV.aren erretratuak? Zaila da gizon itsusiago bat topatzea; Velazquezen pintzelak, aldiz, errege baten portea ematen diote, hala ere, jatorrizko itxura penagarriari ihesik egin gabe. Ez dakit zer den hobea Velazquezengan, pintore ona izan zela edo pintore ausarta izan zela.

martes, 4 de enero de 2011

Anubis 3.0



Duela hilabete gutxi batzuk, Dani Fano marrazkilari handiak Anubis 3.0 komikia bukatu zuen. Arimarik gabeko jendearen istorioak marraztu ditu, eta Xabiroi aldizkarian argitaratu du atalka. Haren bigarren istorio luzea da TeleATOI komikia bukatu ondoren. TeleATOI salgai dago dagoeneko album batean bilduta. Espero dezagun laster Anubis 3.0 ere formatu horretan kaleratzea!!!

lunes, 3 de enero de 2011

Lizentzia



Ahaztu baino lehen, blog honetako materialaren lizentzia zehaztu nahi dut. Nola ez, lizentzia 3Di baten bitartez adierazi nahi dut...

Nire asmoa da Creative Commons lizentziarekin eskaintzea blog honetan zintzilikatzen dudana, behintzat kontrakorik esaten ez dudan bitartean. Kasu batzuetan, norbaitentzako egindako materiala izango da, eta, kasu horretan, "norbait" horrek erabakiko du nolako lizentzia jarri nahi dion irudi edo bideoari. Beste kasu batzuetan, agian ezin izango dut nik lizentzia zehaztu. Baina bueno; irudi eta bideo gehienentzat, ba horixe: Creative Commons irudiak adierazten dituen kondizioekin. (Irudi hori bera barne!)

Erabiltzen duenak irudiaren jatorria aipatu beharko du. Ezingo du aldaketarik egin. Eta ezingo du saldu edo dirua egin blog honetako materialarekin. Esandakoa: besterik zehazten ez dudan bitartean.

Ariketa bezala, ondo egon da "harrizko" sinboloa 3Dn sortzea. Hemendik aurrera, blogaren lizentzia zehazteko balioko du irudiak, ezker aldean.