lunes, 10 de enero de 2011

Las Meninas, barrutik


Velazquez harrigarria da. Ez da historia edo arteko liburuen kontua bakarrik. Merezi du haren koadroak lasai begiratzea eta aztertzea. Ikusi duzue Felipe IV.aren erretratuak? Zaila da gizon itsusiago bat topatzea; Velazquezen pintzelak, aldiz, errege baten portea ematen diote, hala ere, jatorrizko itxura penagarriari ihesik egin gabe. Ez dakit zer den hobea Velazquezengan, pintore ona izan zela edo pintore ausarta izan zela.

Teknika izugarria zuen. Oso gertutik ikusita, Velazquezen pintzeladak ikusten dira koadroetan, inpresionista izango balitz bezala, inpresionistak pintatzen hasi baino 200 urte lehenago. Horren adibidea da haren koadro ezagunena, Las Meninas.

Esaten dute atmosfera bera pintatu zuela Velazquezek koadro horretan. Airea pintatu zuela. Ez dakit gehiegi esatea den, baina benetan gelaren barruko... ez dakit nola esan... "giroa" izugarri ondo pintatu zuen. Gauzak zenbat eta urrutiago egon, oduan eta 'galduago' daude gela barruko laino horretan.

Nik behin erabili nuen koadroaren adibidea argiaren transmisioari buruz hitz egiteko artikulu batean. Badago lege koadratiko bat argiaren galtze-abiadura kalkulatzen duena. Eta Velazquezek harrapatu zuen lege fisiko horren efektua Las Meninas-en, formula matematikoren beharrik gabe. Izugarria.

Betikoa. Artikulua ilustratzeko, arazoak. Bueno... Koadroaren argazki bat jar zitekeen, baina beste zerbait nahi nuen. Orduan, koadroa 3Dn modelizatzea bururatu zitzaidan. Oso modelo zatarra... zirriborro bat. Pertsonaiak non dauden eta zer bolumen hartzen duten adieraziko zuen zirriborro bat izango zen, besterik ez. Garrantzitsuena argia zen. Laino-moduko bat gehitu nuen, Velazquezek hain ondo margotutako efektua modu artifizial eta exajeratu batean sortzeko. (Ez nuen laino "koadratiko" bat erabili, baizik eta lineala... bortitzagoa, nolabait). Eta Blenderrek kalkuatzen zuen argiaren 'galera' hori distantziarekin.

Irudi estatiko soil bat sortu nuen, papereko artikulu baterako nahikoa zelako. Baina orain jatorrizko fitxategia hartu, eta hegaldi bat egin dut kamerarekin koadroan zehar... bueno... pertsonaien artean. Eta jatorrizko koadroaren argazki bat gehitu dut hasieran eta bukaeran.

Esan beharra dago antzeko hegaldi bat ikusi nuela beste animazio batean Picassoren Gernika koadroarekin. Askoz landuago zegoen han koadroaren irudiak, gainera... esan dudan bezala, nirea zirriborro bat besterik ez da. Baina proba egin nahi nuen. Ondo geratzen da.

Ea... hegan egin ezazue pixka bat. Agian, gustatuko zaizue.

2 comentarios:

  1. Ze ona willy!!! Zuk bai daukazula foko potente bat eskuetan, hori da hori "argitzea"! Eh, aurrekoan ia istripua eragin genizun bizikletarekin eh!! Segi horrela eta gorantziak!!! oier.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko, Oier!!! Ea bloga mantentzen dudan bizirik... oraingoz ondo doa, baina ikusiko dugu aurrerantzean.

    Bizikletarena, bai, ez nintzen oso fin ibili!!!!!! Baina ilusioa egin zidan zuek ikustea!!
    Besarkada bat,
    Willy

    ResponderEliminar