domingo, 23 de enero de 2011

Rubik-en tentazioa


Aste honetako goiz batean, Rubik-en kubo bat azaldu zen hamaiketakoa egiten dugun tokian. Eta, klaro, munduaren zentroa bihurtu zen. Tranpa bat da. Tentazio bat. Hamar segundotan, baten batek eskuan zeukan (ez dut esango zeinek).

Ikaragarria da, irekitako patata poltsa bat bezalakoa da. Kuboa behin ikusita, ezin da mahai gainean utzi jabea azaldu zain. Deitu egiten zaitu. Erakarri egiten zaitu. Ikutu behar duzu. Kubitoei gutxienez pare bat buelta eman arte ezin duzu eskutik kendu.

Zientzia fikzioak aspalditik abisatu digu. Egun bat iritsiko da non animatu gabeko gauzek, objektuek, munduaren kontrola hartuko duten. Eta nire ustez Rubik-en kuboa bezalako gauzak izango dira lehenak gu gizakiok menperatzen.

Eta horixe gertatu zen lehengoan hamaiketakoan. Ikusi bezain pronto, norbaitek (ez dut esango zeinek) hartu zuen eskuetan, eta kuboaren kontrolpean geratu zen. Eta ez hori bakarrik. Besteon elkarrizketa ere harrapatu zuen jostailu madarikatuak. Denok sentitu genuen Rubik-en kuboarekin izandako esperientziak kontatzeko premia, are gehiago kuboaren soluzioa osorik edo parte batean ikasi genuenok.

Okerrena da kuboa ordenatua zegoela!!! Eginda!!! Soluzionatuta!!! Kuboren alde bakoitzean kolore bakarra zegoen. Hori bai zorigaitza!!!!

Zergatik? Ba, desordenatuta egon izan balitz, harekin jolasteko arazorik ez zen izango, baina ordenatutako Rubik-en kubo bat ezberdina da. Desordenatzeko beldurra ematen du; gehiago, zurea ez bada.


Jabeak eginda edukitzea nahi izango du... eta desegiten badiozu, eta ez bazara gai berriz ere osatzeko, jabeak harrapatu zaitu!!! Norbaitek ibili du kuboa, esango du... eta agian bronka bat sortuko du egoerak... Ikusten? Jostailu ziztrin batek kontrolatzen gaitu, gure arteko mobidak sorrarazteko punturaino... beldurgarria da.

Gure hamaiketakoan pertsona jakintsu batek hartu zuen (ez dut esango zeinek), eta desegiten zuena berregiten bazekien. Eskerrak. Mentalki ogi apurrak uzten zuen kubitoen biraketen bidean, eta jakin izan zuen kuboa bere onera ekartzen.

Badakit beste batek (oraingoan ere ez dut esango zeinek), jakinduri Rubikiana Interneteko jakinduriarekin ordezkatu zuen. Erabat desegin zuen kuboa, eta sarean kontsultatu zuen nola osatu berriro... Ausarta bentan... Enfin...

Azkenean ez zen ezer gertatu eta kuboa osatuta utzi genuen aurkitu genuen tokian... oraingoan ihes egin genion jostailuaren kontrolari albo ondoriorik gabe, baina batek daki zer gertatuko den hurrengoan...

Nik animazio txiki bat egin dut hori dena ospatzeko. Testurak lantzeko aukera ona izan da... Kuboaren koloreak testuren bitartez egiten direlako. Itxura ona geratu zaio, nahiz eta akats batzuk badituen... baina gutxienez badakit zein den akats horien arrazoia, eta nola konpon litezke. Bah... ez ditut konponduko; alperra nabil animaziotxo azkar bat azken punturaino pulitzen ibiltzeko.

Aitortu beahrra daukat... Kuboaren testura guzti-guztiak ez ditut landu... Ikusten ez diren kubotxoenak ez ditut egin. Lan errepikakor handia zen, eta, esan bezala aspertuta nabil produktu erabat bukatuak egiteko...

...beste batean agian. Honengatik ez naute Pixarren kontratatuko, ze demontre!!

2 comentarios:

  1. Nik ezingo nion tentazioari eutsi fijo... ;-)

    ResponderEliminar
  2. Aldeen itxuragatik ematen zuen baten bat pegatinak aldatzen ibili zela... kuboaren kontroletik ihes egiteko modua internetera jo gabe!

    Animazioa ona!

    ResponderEliminar